Eleka

Eleka euskara taldeak hainbat ekintza antolatzen ditu bai ikastetxean, bai gizartean euskara sustatzeko asmoz. Azpimarratzekoak dira Euskararen Nazioarteko Eguneko ospakizunak, Durangoko Azokara egiten den txangoa eta Korrika.


KORRIKA


Korrika euskararen alde Euskal Herrian zehar lasterka egiten den martxa da, arineketan egiten den manifestazio baten modukoa. AEK euskaltegi elkarteak antolatzen du. Bi urtez behin egin ohi da eta bi aste inguru behar izaten du lurralde guztia zeharkatzeko.

Urtero ibilbidea aldatu egiten da, baina beti 2.300 kilometro inguru izan ohi da. Ateratzen denetik amaitu arte, lekukoa eskutik eskura, herriz herri aldatzen joaten da, baina martxa ez da inoiz geratzen, ez gauez ezta egoera klimatologiko txarrengatik ere.




DURANGOko AZOKA


Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka Euskal Herriko handiena eta garrantzitsuena da, euskalgintzan dihardutenen elkargunetzat sortua.

Urtero, abenduaren lehenengo hamabostaldian, Euskal Herri osoko argitaletxeak batzen dira azokan, bai nobedadeak bai aurreko urteetako liburu eta diskoak salgai jartzera. Baina, gainera, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka euskararen eta euskarazko kulturaren erakustoki erraldoi eta jai nagusi bihurtzen da.




EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA


Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an izaten da, Frantzisko Xabierkoaren egunean.

1949an Eusko Ikaskuntzak ezarri zuen egun hau euskararen nazioarteko egun gisara. 1995ean Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bat eginik, Euskararen Nazioarteko Eguna instituzionalizatu zuten.